XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lege berri hori, ongi baino hobeki aplikarazi beharrez, Guizot-ek abiarazi zuen inkesta haundi bat, lehen mailako eskolaren berri osoki eta barnetik jakin beharrez bostehun bat inspektur bidali zituen herriz-herri.

Inkesta harek salatu zuen orduko irakaskintzaren egoera zein zen txarra, batez ere, Loire ibaiaren eta Auñamendiko mugaren artean.

NEKEZ BIZITZETIK NEKEZ ESKOLATZERA...

1830-eko iraultzaren biharamunean, Frantziako politikaren, ekonomiaren, eta gizartearen egoera hitsenetarik da.

Errepublikatiarrak erregetiarren kontra borrokan ari Komertzioa eta industria peko errekatik ezin jalgi.

Tresna berrien lantegietan sartzeak langabedun anitz ekartzen.

Hirietara baserrietarik jendea metaka heldu, eta zenbait hiritan, hala nola Lyonen, miseria gorrian ahal bezala bizi.

Ondorioz eskolen egoera ere ez da argia.

Anitz lekutan adineko jende gehienak ez daki irakurtzen. Burgesia zen herri guztietan, hau guti edo aski eskolatua baitzen, honek kontrolatzen zuen bizi zen tokietako herrigidaritza edo administrazionea.

Hirietan, eskolaren egoera doi bat hobea da.

Halere, leku gehienetan, eskola ezin asmatuzko barne edo gela ilun, hertsi eta zikinetan egiten da.

Irakasleak berak ez dira ongi ikusiak.

Lekuko apezaren eta herriko kontseiluaren meneko dira eta ahal bezala bizi.

ESKOLA, ERAKUNDE BEHARGABEKO ETA ARRISKUGARRI BEZALA...

Orduko denboretan, aitak semeari, amak alabari, lanean ariz bezala emaiten zioten berek zekiten guztia, gero beren aldian seme alabek berdin egiteko, ondotik etorriko zireneri. Ez da harritzekoa beraz, eskola, denbora galtze bat bezala kontsideratua baldin bada.

(Eta berant arte oraino baserritarren artean hala izan da).

Alabaina, eskolak etxeko lanetarik kentzen zituen haurrak eta laneko gustua galarazten.

Gobernuak, eskolen eta herriko kontseiluen hurbildik kontrolatzeko, muntatuak zituen elkarte edo komiteek berdin pentsatzen zuten.

Jenderik gehienak horrela pentsatzen zuenaz gero, ez zen harrigarri, %50 baino gehiago haur, eskolara ez joaitea!.

Anitz lekutan eskolagelak etxeetarik urrun zirela ere ez dugu ahantzi behar.

Bestalde, ez dezagun ahantz, hirietan lantegi anitzek haur frango lanean har arazten zutela, baldintzarik txarrenetan, eta zenbait lekutan, lau urtetarik goiti.

Nagusiak ederki baliatzen baitziren. Ezin sinetsia!.

Urtean hiru hilabetez ibiltzen ziren, bana beste, orduko haurrak eskolan.

Eta anitzentzat, beren eskola guztia, dotzena bat hilabeterena zen!.

Katolikoen haurrak ziren gutienik ibiltzen eskolan.

Gehienik Israeldarrenak eta bien artean protestanteenak.

Baserritarrak beraz, aiher ziren eskolari, nun ez zuten halako herra bat hazten irakaslearen kontra, baitzaukaten, eskola baserritarren kontra altxatu erakunde bat zela, zeren eta eskolatzeak baserriari, bere langileria kentzen baitzion.

Lekuko aberatsek, beren aldetik, begi txarrez ikusten zuten, jende xehearen eskolatzeko eginak ziren ahalak.

Eta lekuka, eliza bera ere kontra agertzen zen, beldur baitzen erlijioneko liburuak eskolatik kanpo geldituko zirela.